jueves, 20 de octubre de 2011

ETAk bere jardun armatuaren behin-betiko amaiera iragarri du

M. Ezkerro

Gaur, arratsaldeko zazpiak inguru, Euskadi Ta Askatasuna erakunde armatuak bere jardun armatuaren behin-betiko amaiera iragarri du.

Publiko egindako komunikatuan, ETAk jakinarazi nahi zuen Euskal Herrian burututako Nazioarteko Konferentzia <<garrantzi politiko handiko ekimena dela>>. Hurak, <<gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du>>.

Aldi berean, Euskal Herrian mendetako gatazka politikoari konponbide <<justu eta demokratiko>> bat emateko, aro politiko berri bat zabaltzen ari dela adierazi du. <<Elkarrizketak eta akordioak>> ezaugarritu behar dute aro berria, antolakunde armatuaren ustetan.

<<Ez da bide erraza izan>>

<<Borrokaren gogorrak>> betirako, espetxetara edota erbestera eraman dituen lagunei, ETAk <<aitortza eta omenaldirik sentituena>> eskaini nahi izan die. Halaber, oraindik dirauen zapalkuntza eta errepresioaren aurrean jazotako lorpen bakoitza <<euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza>> izango dela dio.

Horrela, ETAk <<jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du>>, Espainia eta Frantziako gobernuei dei eginez, konponbidea gauzatzeko elkarrizketa prozesua zabaldu dezaten. Era berean, ETAk euskal gizarteari dei egiten dio honako prozesuan parte hartu dadin, <<bake eta askatasun agertoki bat sortu arte>>.

No hay comentarios:

Publicar un comentario