Euskararen zein euskalkien erabilera bultzatzen saiatzen dira Lekeitioko komunikabideak
A. Galletebeitia
Herri txikia, infernu handia, dio esaera zahar batek. Zergatik ote?
Esan ohi da, herri txikietan, Lekeitio bezalakoetan, berriak azkar asko zabaltzen direla. Zerbait gertatu bezain pronto, bazter guztietara hedatzen da albistea. Bertako biztanleek berria zabaltzeaz gain, komunikabideak ere lan horretaz arduratzen dira. Milaka albiste egon daitezke, baina guztiak euskara hizkuntza bezala hartuta. Kasu honetan, Lekeition hiru komunikabide mota aurkitzen dira euskaraz zein lekeitiarrez aritzen direnak; Arrakala irratia, eskualde-mailako Hitza egunkaria eta Zer Esana gazte agerkaria. Esan ohi den bezala, lehen berba euskaraz.
Euskaraz oso zaila da produktu bakarrarekin jende askorengana iristea. Kostaldeko herrialde honen kasuan, euskal hiztunen ehunekoa handia da, %86koa. Edozein komunikabide bezala, hiru hauek ere, euskaraz irakurtzera edo entzutera bultzatu nahi dute. Guztientzat da garrantzitsua gertutasuna eta hurbiltasuna azaltzea irakurle edo entzulearekiko.
Duela hiru urte, Arrakala irratiak euskararen erabilera bultzatzea erabaki zuen. Horrela, euskara hutsean emititzea erabaki zen, batez ere lekeitiarrez. Dena den, Unai Urkiaga Arrakalako langiliak argi utzi nahi du, saioren bat egiteko prest legokeen norbaitek euskaraz ez baleki, ez litzatekeela arazo bat izango, irratian lan egiten duen edonoren laguntza edukiko bailuke.
Beraien blogean azaltzen denez, astero berrikuntzaz beteriko programazioak eskaintzen ditu, horien artean, Aittitta Raduga, Kitzika musika saioa, Potxuak Saltsan eta Azkueren ipuin bilduma irratsaioak. Horrez gain, irratsaio horien barruan beste atal batzuk bereizten dira. Esaterako, “Spaghettijaz haratago” atala, non ikasleei, ikasten ari diren pisuan prestatzen duten janariez hitz egiten zaien.
Honen bidez, norbere iritziak aldarrikatu daitezke, jende berria ezagutu, hainbat gauza trukatu… baina guztia gozatuz. “Gazteen arteko komunikazioa aurrera ateratzeko adibide garrantzitsuena eta ezagunena Zer Esana eguna da” esan digu Nahia Grande Zer Esanako kideak. Horrez gain, beste hainbat ekintza egiten dituztela ere esan digu, esaterako; gauetan tabernetan gelditzen dira filmak ikusteko eta ondoren eztabaida txikiak egiten dituzte iritziak trukatzeko, sagardotegira ere irteerak egiten dituzte, jokoak, etab.
Egia da, azken bi hamarkadetan Euskal Herriko komunikabideetan euskara asko nabarmendu dela. Lehen, komunikabideak euskaraz eskaintzea beharrezkoa zen, eta oraindik horrela jarraitu beharko luke, euskarak etorkizuna izan dezan. Baina zoritxarrez, jadanik, euskarazko komunikabideen iraupena zalantzan jartzen da eta horretarako soluzioa aurkitu beharra dago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario